Skip to main content

Bideanek gaixoei SMS informatiboak bidaltzea ezarri du, ospitale-altaren ondoren, lekualdaketen prestaketa hobetzeko

Sozietate publikoak komunikazio eta informazio zuzena indartuko du, bai zerbitzu programatuetan, bai urgenteetan, alta-lekualdaketetan dauden pazienteei

Mugikorrera helduko den mezuaren argazkia
01 Ekaina, 2026

Osasun Departamentua, Bidean garraio sanitarioko sozietate publikoaren bidez, pazienteei SMSak bidaltzen hasiko da ospitaleko alta jaso ondoren, komunikazioa hobetzeko, lekualdaketaren prestaketa errazteko eta zerbitzuaren erabiltzaileei lasaitasun handiagoa eskaintzeko.

Ekimena datorren astelehenean, ekainak 1, jarriko da abian, eta ospitaleko alta jaso ondoren lekualdaketa sanitarioa behar duten pazienteentzat da, ospitale-unitateetatik (planta) nahiz larrialdi-zerbitzuetatik. Osasun-sisteman pazienteak harremanetarako emandako telefonora bidaliko dira mezuak zuzenean.

Fernando Dominguez Osasun kontseilariak nabarmendu duenez, ekimenaren helburua da pazienteek jasotzen duten informazioa indartzea eta lekualdatzeko prozesuan ziurtasun handiagoa ematea: “Erabiltzaileek lekualdatzeari buruzko informazio argia izatea nahi dugu, denbora errealean, nahasteak saihesteko eta osasun-garraioko zerbitzu publikoarekiko konfiantza indartzeko”.

Bestalde, Alberto Lafuente Bideaneko zuzendari kudeatzaileak azpimarratu du “mezu horiekin pazientearekiko zuzeneko komunikazioa hobetu eta zerbitzuaren prestaketa nahiz koordinazioa optimizatu daitezkeela”.

Prozesua laguntzeko bi mezu

Sisteman, bi SMS mezu bidaltzea aurreikusten da lekualdatzeko prozesuan:

  • SMS 1 – Osasunbidearen abisua baieztatzea: 

    BIDEANek hau jakinarazten dizu: Osasunbideak zure ospitaleratze-altaren berri eman digu eta lekualdatzeko anbulantzia behar duzula esan digu. Jasotzera joan aurretik, beste mezu bat jasoko duzu prest egon zaitezen.

  • SMS 2 – Lekualdaketaren aurretiko abisua:

    BIDEANek hau jakinarazten dizu: Zure anbulantzia bidean da, eta zurekin egongo da 30 minutu inguru barru. Mesedez, prest izan lekualdaketarako behar duzun guztia.

Mezu horiei esker, pazienteak jakin ahal izango du zein den bere lekualdaketaren egoera, osasun-baliabidea iritsi aurretik prestatu ahal izango du eta jasotako komunikazioak ofizialak direla baieztatu ahal izango du.

2026ko lehen hiruhilekoan, Bideanek guztira 52.575 lekualdaketa kudeatu ditu, eta horietatik 2.940 ospitale-altenak izan dira.